XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Me gustó mucho, igoal izango duk...

- Ixo, letxes! Utzi Martini segitzen. Tira, Martin segi.

Buruz zakian hasi eta bukatu. Eta hasieratik bukaeraraino irakurri behar izaten zian haria ez galtzearen aldera. Querido Martin. Estoy enamorado contigo. Me gusto mucho. Pienso mucho contigo. Nos vamos a casar y vamos a tener niños y vamos a follar.

- Ikusten nola me gustó mucho zen?

Berriz isilarazi zuten zirikatzailea, baina Martini jarioa katigatu zion ordurako. Querido Martin, estoy enamorado contigo, hasi zen hirugarrenez, norbaitek lehor, berandutu egingo zitzaiela, uzteko txorakeriak, abiatu egin behar zutela, esan zuen arte.

Bandadan egin zioten hanka atzeratuari. Aio, Martin. Martinek nora zihoazen galdetzean hegabetetara erantzun zion taldekoren batek, ibilian eta bururik jiratu gabe.

Ez zen ordea konforme Martin. Bazekien haiek nora edo nora zihoazela eta atzetik ekin zien lasterka eta oihu batean, yotanbienka. Gogor hartu zuten taldekoek. Ezetz, ez zeukala haiekin joaterik, arriskuko toki batera zihoazela.

Orduan eta alaiagotu zitzaion musajea.

- Horrela ez daukak zer eginik honekin hartu zuen hitza beste batek. Ikasi hurrengorako; Martin, gu mezetara goazak, mezetara. Etorri nahi?

Buruari batera eta bestera eragin zion, izuikaraz, gainerakoek algararen bat lehertzen zuten bitartean. Buru-kulunka geratzearekin ordea, irribarrea loratuz-loratuz joan zitzaion, begiak txiki-txiki egin arte, eta ¡mentira! bota zuen gozo-gozo.

- Hi haiz hi bitxoa, Martin! Tratua egingo diagu. Karameloak erosten badizkiagu, hi hemen geratuko haiz txintxo.

Martinek ezetz.